Mundu-bola eta mapak

Lurrazala bere horretan irudikatzea zaila da, bai tamainarengatik bai haren esferikotasunarengatik. Zailtasun hori saihesteko kartografoa hainbat euskarri erabiltzen saiatu izan da:

Lurbira-globoa

Lurraren irudikapena hiru dimentsiotan egiten da eta desitxuraturik jasotzen ez duen irudikapen geografiko bakarra da. Gehienetan lurbira-globoetan Lur planeta irudikatzen bada ere, Eguzkia, Ilargia edota beste planeta batzuk ere irudika daitezke.

Lurbira-globoak angeludun euskarri batean jartzen dira, modu horretan, errazagoa baita planetaren angelua eguzkiarekiko eta bere mugimenduarekiko irudikatzea eta egunak eta urtaroak nola aldatzen diren ikustea.

Lurbira-globoek Lurraren topografia erakusteko erliebeak ere eduki ditzakete. Orokorrean ohikoa baino eskala handiagoak erabiltzen dira, erliebea ikusgarria gerta dadin. Horrela egingo ez balitz, globoa guztiz laua litzateke.

Gaur egun egiten diren lurbira-globo gehienek paraleloak eta meridianoak marrazturik dauzkate, lekuak bilatzeko erreferentzia orokor moduan erabil daitezen.


Lur bira
Lur bira
Jason Bachman
CC

Mapak eta planoak

Eremu handi samarra hartzen duen gainalde jakin baten mapa edo planoa egin nahi denean, Lurraren esferikotasuna paperezko orri lau batean nola irudikatu izaten da arazoa. Hori konpontzeko daude mapak eta planoak:

Mapak: Lur planeta edo haren zati baten adierazpen geografikoa gainazal lau batean. Mapek zientzia jakin bateko informazioa ematen dute, esate batera, mapa linguistikoak, demografikoak eta abar.

Planoak: irudikatu beharreko lurraldearen hedadura txikia denean eta lurrazalaren kurbadura oso txikia, ez da proiekzio-sistemarik erabili beharko. Lurralde horien irudikapenari planoa deitzen zaio. Planoa lurzoru baten adierazpena ez ezik, herri batena, makina batena, eraikin batena edo hiri bateko metroaren lineen adierazpena ere izan daiteke.


Collage

Atlasa

Atlasak liburu moduan antolatuak dauden mapa-bildumak dira, nahiz eta gaur egun gero eta ohikoagoa den multimedia formatuan agertzea. Mota askotako atlasak daude: fisikoak, politikoak, linguistikoak, ekonomikoak, etnologikoak, sozialak, erlijiozkoak eta abar.

Atlas hitzaren jatorria greziar mitologian dago: Atlas edo Atlante erraldoi gazte bat zen eta Zeus jainkoak mundua eusten zuten zutabeak sorbalda gainean eustera zigortu zuen. Ondoren, Gerhard Mercator mapagileak argitaratutako mapa-liburuari Atlas (1594) izena jarri zion; beraz, esan daiteke bera izan zela mapa bilduma bat atlas izenarekin izendatzen lehena.

Atlas guztiek aurkibide toponimikoa dute, non atlasean agertzen diren leku-izenak alfabetikoki zerrendaturik ageri diren. Toponimo bakoitzak erreferentzia bat dauka, atlasean aurkitu ahal izateko. Leku jakin bat aurkitzeko, aurkibideko zerrendan bilatu behar dugu. Lekuaren izenaren alboan bi datu ageri dira: atlaseko zer orrialdetan azaltzen den eta mapako zer eremutan dagoen. Eremua koordenatuen bidez mugatu ohi da, irudizko lauki-sare batean zer lekutan dagoen adierazten duten letrak eta zenbakiak erabiliz (X eta Y).

Hemen daude digitalizatutako atlasen zenbait adibide:

Gaur egun multimedia formatuan geroz eta atlas gehiago argitaratzen da. Hona hemen Euskal Herriko datu sozioekonomikoak bistaratu, kontsultatu eta deskargatzeko ataria. Sar zaitez eta saltseatu!

Atlas de Martines

Kartografia sistema berriak

Egun, teknologia aurrerapenen ondorioz, mapak sortzeko eta egiteko erreminta berriak erabiltzen dira. Aireko argazkiei, satelite artifizialei eta informatikari esker gertatu da hori. Informatikari eta ordenagailuz lagundutako kartografiari esker, askoz ere informazio gehiago kartografiatu daiteke, eta mapak egiteko lana errazagoa, azkarragoa eta zehatzagoa da. Kartografoek teledetekzioaren bidez lortutako datuak jaso eta ordenagailuan prozesatzen dituzte, zehaztasun handiko mapak egiteko.


Kartografia berriak

Steven Kay
CC BY-SA