Kartografia historian zehar



Kartografia mapak egiteko artea eta zientzia da, eta mapak gainazal lau batean egindako lurrazal puska baten irudikapenak dira. Paper, oihal edo harri gainean marraztutako mapak antzinatik egin izan dira, baina XIV. eta XV. mendeetan hasi zen kartografia modu zientifiko eta zorrotzago batean egiten. Inprenta asmatu zenean mapagintzak gorakada gogorra izan zuen, zeren ordutik aurrera posible izan baitzen mapak, ordura arte eskuz egiten zirenak, azkarrago eta kopuru handitan egitea.

Antzina, lurra ibai handi batez inguratutako disko laua zela uste zen eta mundua marrazteko diskoa erabili zuten hainbat mendez, Greziako filosofo handiek, eta nagusiki Aristotelesek, esferikotasunaren ideia gailentzea lortu zuten arte. Greziako zibilizazioak goratu zuen kartografia zientzia mailara. Lur planetaren forma behin betiko ezarri ondoren, Lurrak neurria behar zuen, eta horretan jardun zuten zientzialariek. Haietako batek, Alexandriako liburuzaina izan zenak Eratostenesek, hain justu, K.a. III. mendean, Lurraren zirkunferentzia 39.500 kilometrokoa zela kalkulatu zuen. (Gaur egun Ekuatoreko zirkunferentzia 40.000 kilometrokoa dela kalkulatzen da).

Baina mapak egiterakoan, kontuan izan behar zen gainazal lau batean marraztutakoak izatez biribila den errealitatea islatu nahi zuela. Horretan ere, greziarrak izan ziren lehenak. K.a. II. mendean Hiparko astronomoak egin zituen lehen proiekzioak. Lurra ahalik eta gutxien desitxuratzea zen proiekzio horien helburua, nahiz eta deformazio minimoa saihestezina izan. Greziarren ondoren Erromatar Inperioak eutsi egin zion mapagintzari, baina helburu praktikoei loturik, hau da, armada, zerga biltzaile eta beste helburu batzuei lotutako erreminta moduan.

Goi Erdi Aroan agertu ziren geografia eta teologia uztartzen zituzten mapek baina haiek ez ziren itsasgizonentzat erreminta zehatzak. Horregatik, mapa erabilgarriagoak eta doiagoak egiten hasi ziren XII. mendean Asiatik ekarritako iparrorratzaz baliatuta: praktikoak ziren, nahiko zehatzak eta helburua nabigazioa erraztea besterik ez zuten.

Europako Aro Modernoan sartzean (XV.-XVI. mendeak) Europako itsas potentzien beharrek erabat aldatu zuen kartografiaren zientzia: europar espantsionismo eta esploratzaileei esker Lur planetaren ikuspegia guztiz aldatu zen. Errenazimentuan zientzia erlijioaren mendekotasunetik askatu zen, eta mapagileak munduari gaur duen itxura ematen hasi ziren. Mercatorrek, 1594an argitaratutako atlasean, kartografia modernoaren ezaugarri gehienak bildu zituen, eta XVI. mendearen amaieran, oraindik lurralde ezagutu gabeak zeuden arren, dagoeneko, munduak gaur egungoaren antzeko irudia zeukan.

Garai haietatik aurrera kartografia funtsezko jakintza estrategiko bihurtu zen. Hala, zientziaren garapenak, neurtzeko tresna gero eta modernoago eta zehatzagoek, Amerikako eta Ozeaniako lurraldeen ezagutzak eta abar gero eta mapagintza zehatzagoa bultzatu zuten.

Hona hemen mapagintzak mendeetan zehar izan duen garapenaren adibide txiki bat: