Proiekzio kartografikoak

Lur planetak esfera itxura dauka eta lurrazalaren eremu bat gainazal lau batean grafikoki irudikatzeak zailtasunak dauzka. Forma kurbatuen marrazketek desitxurapenak eragiten dituzte beti eta ezaugarriren edo xehetasunen bat faltsutzen dute, hala nola erliebeak, distantziak, eremuak, puntu kardinalak eta abar. Irudien desitxura saihesteko, kartografoek proiekzio izeneko mekanismo bat erabiltzen dute. Proiekzioekin Lur planetaren lurrazal kurbatua gainazal lau baten gainean irudikatzea edo proiektatzea lortzen da.

Proiekzio kartografikoak sailkatzea zaila da, besteak beste, mota askotakoak daudelako. Mapak izango duen erabileraren arabera kartografoek proiekzio bat edo beste erabiliko dute. Dena den, ezagunenak eta erabilienak hiru dira: proiekzio konikoa, laua eta zilindrikoa.

Historian zehar tradizionalki erabiliena izan den proiekzioa Mercator-en proiekzio zilindrikoa izan da, baina, proiekzio horrek ez ditu Hego hemisferioko eta Ipar hemisferioko lurrak maila berean jartzen, izan ere, Ipar hemisferioak hegoaldekoak baino azalera handiagoa hartzen baitu. Hori dela eta, 1974ean Arno Peters kartografo alemaniarrak beste proiekzio bat asmatu zuen non mapan marraztutako eremuak benetako eremuekiko proportzionalak ziren. Proiekzio hori asmatzailearen izenaz da ezaguna, hau da, Petersen proiekzioa.



Mercator proiekzioa
Strebe
CC BY-SA 3.0
Peters proiekzioa
Strebe
CC BY-SA 3.0