Proiekzio kartografikoak
Lur planetak esfera itxura dauka eta lurrazalaren eremu bat gainazal lau batean grafikoki irudikatzeak zailtasunak dauzka. Forma kurbatuen marrazketek desitxurapenak eragiten dituzte beti eta ezaugarriren edo xehetasunen bat faltsutzen dute, hala nola erliebeak, distantziak, eremuak, puntu kardinalak eta abar. Irudien desitxura saihesteko, kartografoek proiekzio izeneko mekanismo bat erabiltzen dute. Proiekzioekin Lur planetaren lurrazal kurbatua gainazal lau baten gainean irudikatzea edo proiektatzea lortzen da.
Proiekzio kartografikoak sailkatzea zaila da, besteak beste, mota askotakoak daudelako. Mapak izango duen erabileraren arabera kartografoek proiekzio bat edo beste erabiliko dute. Dena den, ezagunenak eta erabilienak hiru dira: proiekzio konikoa, laua eta zilindrikoa.
- Proiekzio konikoa: Lurraren gainazala kono baten barruan imajinatzen da eta proiekzioaren oinarria den puntua konoaren puntu altuena da. Tamaina eta distantzia erlatiboak mantentzen dira, baina lurraren proportzio mugatuen irudikapena besterik ezin du irudikatu. Sistema hau oso erabilgarria da erdialdeko latitudeetako eremuak irudikatzeko (tropikoen eta zirkulu polarren artekoak).
Claudio Ptolomeo kartografoa izan zen lehena sistema hau erabiltzen: meridianoen eta paraleloen sarea esferatik mapara eraman zuen eta garai hartan ezagutzen zen munduko mapari aplikatu zion. - Proiekzio laua: Lurraren gainazala planetatik oso urruti kokatutako puntu batetik egiten da proiekzioa. Puntu horren beste aldean beste proiekzio bat egiten da, horrela biak bata bestearen alboan jartzen direnean Lur planeta haren osotasunean ikus daiteke. Bi poloen inguruan tamainaren deformazio nabariak sortzen diren arren norabideak zehatz mantentzen dira.
- Proiekzio zilindrikoa: Proiekzio ezagunenetakoa da. Proiekzio honek Lurraren gainazala planeta inguratzen duen irudizko zilindro batean proiektatzen du. Ekuatoretik gertu ez du deformaziorik izango baina puntu horretatik urrundu ahala deformazioa areagotzen da.
Geographic Information System Basics
CC
Historian zehar tradizionalki erabiliena izan den proiekzioa Mercator-en proiekzio zilindrikoa izan da, baina, proiekzio horrek ez ditu Hego hemisferioko eta Ipar hemisferioko lurrak maila berean jartzen, izan ere, Ipar hemisferioak hegoaldekoak baino azalera handiagoa hartzen baitu. Hori dela eta, 1974ean Arno Peters kartografo alemaniarrak beste proiekzio bat asmatu zuen non mapan marraztutako eremuak benetako eremuekiko proportzionalak ziren. Proiekzio hori asmatzailearen izenaz da ezaguna, hau da, Petersen proiekzioa.
Strebe CC BY-SA 3.0 |
Strebe CC BY-SA 3.0 |