Meridianoak eta paraleloak
Meridianoak: Lurrazalaren gainean ipar-hegoalde orientazioa duten irudimenezko lerroak dira. Meridianoak polo geografikoetatik igarotzen diren Lurraren gainazaleko zirkunferentziak dira. Meridianoetan ezagunena Greenwich meridianoa da eta 0º-tako longitudea adierazten du. Edozein puntutatik 0º meridianora gradutan neurtuta dagoen distantziari longitude esaten zaio. Greenwich meridianoak mundua bi zati edo hemisferiotan banatzen du. 0º meridianotik ezkerraldera dagoenari mendebaldeko hemisferioa esaten zaio. Eskuineko meridianoa, berriz, ekialdeko hemisferioa da. Gehienez 180º-tara neur daiteke.
Paraleloak: Lurrazalaren gainean ekialde-mendebalde orientazioa duten irudimenezko lerroak dira, eta planeta osoa inguratzen duten alegiazko zirkuluak osatzen dituzte. Paralelorik ezagunena ekuatorea izenekoa da. Paralelo ezagunenen artean Kantzer tropikoa, Kaprikornio tropikoa eta bi Zirkulu polar-en paraleloak daude, besteak beste. Paraleloak 0º-tik 90º-ra bitarte graduatuta daude, ekuatoretik abiatuta, Ipar polorantz edo Hego polorantz, urrenez urren. Ekuatore paraleloak mundua bi zati edo hemisferiotan banatzen du. Ekuatoretik gora dagoenari Ipar hemisferioa esaten zaio. Ekuatoretik beherako paraleloa, berriz, Hego hemisferioa da.
Bitxikeria: Ordu-eremuakGreenwicheko meridianoa edo 0º meridianoa, oinarrizko meridianoa da. Lurraren irudi askotan agertzen den arren, gizakiok asmatutako irudizko lerro zuzen bat besterik ez da. Lerro horrek bi poloak lotzen ditu, eta bere izena Londresko auzo bateko behatoki astronomikotik igarotzen delako datorkio, Greenwich auzoko behatokitik. Meridianoak Lurra bitan zatitzen du, ekialdea eta mendebaldea bereiziz, eta longitudea neurtzeko oinarria da. 1884an 25 herrialdek erreferentziazko meridianotzat hartzea adostu zuten eta ordudanik, eguna Greenwich-eko gauerdiarekin batera hasten da mundu osoarentzat. Memento hartan ezarri zituzten mundu osoarentzat ordu-eremuak. Lurrak egun bat behar du bere ardatzaren inguruan bira oso bat emateko, hau da, 24 ordu. Bira oso batek 360º gradu ditu. Hori egunak dituen 24 orduez zatituz gero, ordu-eremu bakoitzak 15 graduko longitudea duela ateratzen da. Beraz, ordu-eremu batetik bestera igarotzean, ordua ere aldatzen da. Lurraren errotazio-mugimendua mendebaldetik ekialderakoa denez, 0º meridianotik (Greenwich-ekoa) ekialderantz mugitzean ordu bat gehitu behar zaio erlojuari, eta ordu bat kendu mendebalderantz joanez gero. Teoriak hori guztia dion arren, ordu-eremuak finkatzerakoan herrialde bakoitzak komeni zaizkion erabakiak hartzen ditu. Hori dela eta, ordu-eremuen irudizko lerroak ez dira zuzen-zuzenak eta herrialde guztiek ez dute bere eremuari dagokion ordua betetzen. |
Hausnar dezagun! |