Lurra irudikatzea
Lur planeta gizon-emakumeon lurra da. Guretzat oso handia den arren, eremuz eguzki-sistemako bosgarren planetarik handiena besterik ez da. Planetaren azalera 510.101.000 km²-koa da. Lur planeta geoidea da, hau da, ez da erabat biribila, esfera-formakoa baizik eta poloetan pixka bat zapala da. Zapala denez gero, Lurraren diametroa handiagoa da gerrialdean, ekuatorea deiturikoan, poloetan baino. Hala, gure planeta alderik zabalenetik inguratu nahi izanez gero, ekuatorearen lerroari jarraitu beharko genioke (40.074 km). Irudizko lerro horrek hemisferio izeneko bi zati berdinetan banatzen du Lurra. Ipar hemisferioaren %39 lurrazal kontinentala da, aldiz, Hego hemisferioaren, %19 soilik. Gainerako guztia ura da.
BitxikeriaLur planetaren gaineko datu batzuk:
|
Lurra ia esfera bat dela kontuan izanda, irudikatzeko modurik egokiena beste esfera bat erabiltzea da, hau da, mundu-bola edo lurbira-globoa. Baina gainazaleko xehetasunak (erliebeak, distantziak, eremuak, puntu kardinalak eta abar) irudikatu nahi badira, bola edo globo horiek ikaragarri handiak izan beharko lukete eta ezinezkoa litzateke gainazal osoa batera ikustea. Asmo horrekin sortu zen Kartografia, lurrazalaren irudiak mapetan jasotzen dituen jakintza arloa.
Baina lurbira-globoan ezin daiteke Lurraren gainazal osoa aldi berean ikusi eta leku batetik bestera eramateko ere ez da batere erosoa gertatzen. Horregatik erabiltzen dira mapak. Mapak eskala jakin batean eta gainazal lau batean adierazten den lurrazaleko zati baten ezaugarriak batzen dituen irudikapen grafiko lauak dira. Mapak Lurraren gainazal osoa adierazten badu, planisferio edo munduko mapa esaten zaio.
Azalera kurbatua, Lur planetarena esaterako, gainazal lau batean, hau da, paper gaineko mapetan, irudikatzeko kartografoek proiekzioak erabiltzen dituzte.