Mundu-bola eta mapak

Lurrazala bere horretan irudikatzea zaila da, bai tamainarengatik bai haren esferikotasunarengatik. Zailtasun hori saihesteko kartografoa hainbat euskarri erabiltzen saiatu izan da:

Lurbira-globoa

Lurraren irudikapena hiru dimentsiotan egiten da eta desitxuraturik jasotzen ez duen irudikapen geografiko bakarra da. Gehienetan lurbira-globoetan Lur planeta irudikatzen bada ere, Eguzkia, Ilargia edota beste planeta batzuk ere irudika daitezke.

Lurbira-globoak angeludun euskarri batean jartzen dira, modu horretan, errazagoa baita planetaren angelua eguzkiarekiko eta bere mugimenduarekiko irudikatzea eta egunak eta urtaroak nola aldatzen diren ikustea.

Lurbira-globoek Lurraren topografia erakusteko erliebeak ere eduki ditzakete. Orokorrean ohikoa baino eskala handiagoak erabiltzen dira, erliebea ikusgarria gerta dadin. Horrela egingo ez balitz, globoa guztiz laua litzateke.

Gaur egun egiten diren lurbira-globo gehienek paraleloak eta meridianoak marrazturik dauzkate, lekuak bilatzeko erreferentzia orokor moduan erabil daitezen.


Lur bira
Lur bira
Jason Bachman
CC

Mapak eta planoak

Eremu handi samarra hartzen duen gainalde jakin baten mapa edo planoa egin nahi denean, Lurraren esferikotasuna paperezko orri lau batean nola irudikatu izaten da arazoa. Hori konpontzeko daude mapak eta planoak:

Mapak: Lur planeta edo haren zati baten adierazpen geografikoa gainazal lau batean. Mapek zientzia jakin bateko informazioa ematen dute, esate batera, mapa linguistikoak, demografikoak eta abar.

Planoak: irudikatu beharreko lurraldearen hedadura txikia denean eta lurrazalaren kurbadura oso txikia, ez da proiekzio-sistemarik erabili beharko. Lurralde horien irudikapenari planoa deitzen zaio. Planoa lurzoru baten adierazpena ez ezik, herri batena, makina batena, eraikin batena edo hiri bateko metroaren lineen adierazpena ere izan daiteke.


Collage

Atlasa

Atlasak liburu moduan antolatuak dauden mapa-bildumak dira, nahiz eta gaur egun gero eta ohikoagoa den multimedia formatuan agertzea. Mota askotako atlasak daude: fisikoak, politikoak, linguistikoak, ekonomikoak, etnologikoak, sozialak, erlijiozkoak eta abar.

Atlas hitzaren jatorria greziar mitologian dago: Atlas edo Atlante erraldoi gazte bat zen eta Zeus jainkoak mundua eusten zuten zutabeak sorbalda gainean eustera zigortu zuen. Ondoren, Gerhard Mercator mapagileak argitaratutako mapa-liburuari Atlas (1594) izena jarri zion; beraz, esan daiteke bera izan zela mapa bilduma bat atlas izenarekin izendatzen lehena.

Atlas guztiek aurkibide toponimikoa dute, non atlasean agertzen diren leku-izenak alfabetikoki zerrendaturik ageri diren. Toponimo bakoitzak erreferentzia bat dauka, atlasean aurkitu ahal izateko. Leku jakin bat aurkitzeko, aurkibideko zerrendan bilatu behar dugu. Lekuaren izenaren alboan bi datu ageri dira: atlaseko zer orrialdetan azaltzen den eta mapako zer eremutan dagoen. Eremua koordenatuen bidez mugatu ohi da, irudizko lauki-sare batean zer lekutan dagoen adierazten duten letrak eta zenbakiak erabiliz (X eta Y).

Hemen daude digitalizatutako atlasen zenbait adibide:

Gaur egun multimedia formatuan geroz eta atlas gehiago argitaratzen da. Hona hemen Euskal Herriko datu sozioekonomikoak bistaratu, kontsultatu eta deskargatzeko ataria. Sar zaitez eta saltseatu!

Atlas de Martines

Kartografia sistema berriak

Egun, teknologia aurrerapenen ondorioz, mapak sortzeko eta egiteko erreminta berriak erabiltzen dira. Aireko argazkiei, satelite artifizialei eta informatikari esker gertatu da hori. Informatikari eta ordenagailuz lagundutako kartografiari esker, askoz ere informazio gehiago kartografiatu daiteke, eta mapak egiteko lana errazagoa, azkarragoa eta zehatzagoa da. Kartografoek teledetekzioaren bidez lortutako datuak jaso eta ordenagailuan prozesatzen dituzte, zehaztasun handiko mapak egiteko.

  • Geografia Informazioko Sistemak (GIS): Geografia Informazioko Sistemak (ingelesez GIS, geographic information system) sistema informatikoak dira, elkar erlazionatu daitezkeen datu geografikoen datu-base batez osatua. GIS batek datuak atzemateko, gordetzeko, bilatzeko eta kudeatzeko, aztertzeko eta mapatan eta dokumentutan erakusteko baliabideak izaten ditu. Datu guztiak formatu digitalean erabiltzen dira; direla testuak, argazkiak, mapak edo landa-lana eginez jasotzen diren datuak ordenagailuak erabil ditzakeen moduan jarri behar dira.
    Geografia Informazioko Sistemak informazioa kapetan edo mailetan azaldu dezake, hau da, informazioa gaika desglosa dezake (erliebea, hidrografia, komunikabideak).
    GIS-ak hainbat aukera eskaintzen dituzten tresnak dira: lurralde bati buruzko hainbat datu lortu, datu horiek editatu, simulazioak egin, mapak sortu… Esate baterako, hondamendi natural bati erantzuteko denborak kalkulatzeko edo lehiakortasun gutxiko eremu batean negozio bat jartzeko erabil litezke sistema horiek.
  • Kokatze-sistemak: gaur egun lokalizazio-sistemarik ezagunena GPS deiturikoa da. Ingelesezko Global Positioning System (GPS) edo Kokapen Sistema Globala, satelite artifizialen bidezko nabigazio-sistema bat da eta une jakin batean posizio geografiko bat zehazteko modua ematen du. Hiru satelite erabiltzen ditu, gutxienez, triangulazio egokia lortzeko. Oinarrizko datu horiez gain, beste hainbat baliabide ere adierazten ditu (ibilbidearen norabidea, egindako bidea, bi punturen arteko distantzia eta abar). Sistema horrek Lur osoan objektu, pertsona, ontzi edo ibilgailu baten kokapen zehatza ematen du zentimetro gutxiko aldearekin.
    Estatu Batuetako Defentsa Departamentuak sortu zuen eta 1978an herritarren esku jarri zuen. Gaur egun marinelek, mendizaleek eta edozein turistek erabiltzen duten erreminta ohikoena izan arren, komeni da iparrorratz analogikoa erabiltzen jakitea, GPS sistema hondatuz gero larrialdi batetik irteten lagun diezazuke-eta!

  • Naturgaia: GPS eta Google Earth

  • Teledetekzioa: aire- edo espazio-ibilgailuetan kokaturiko tresnek jasotako eta tratatutako datuak erabiliz espazioa irudikatzeko teknika-multzoa da. Teledetekzio-teknikarik erabiliena airetiko argazkia den arren, espazioan sateliteetan jarritako sentsoreen bidez hartzen diren irudien garrantzia gero eta handiagoa da.

Kartografia berriak

Steven Kay
CC BY-SA