Kartografia historian zehar
Kartografia mapak egiteko artea eta zientzia da, eta mapak gainazal lau batean egindako lurrazal puska baten irudikapenak dira. Paper, oihal edo harri gainean marraztutako mapak antzinatik egin izan dira, baina XIV. eta XV. mendeetan hasi zen kartografia modu zientifiko eta zorrotzago batean egiten. Inprenta asmatu zenean mapagintzak gorakada gogorra izan zuen, zeren ordutik aurrera posible izan baitzen mapak, ordura arte eskuz egiten zirenak, azkarrago eta kopuru handitan egitea.
Antzina, lurra ibai handi batez inguratutako disko laua zela uste zen eta mundua marrazteko diskoa erabili zuten hainbat mendez, Greziako filosofo handiek, eta nagusiki Aristotelesek, esferikotasunaren ideia gailentzea lortu zuten arte. Greziako zibilizazioak goratu zuen kartografia zientzia mailara. Lur planetaren forma behin betiko ezarri ondoren, Lurrak neurria behar zuen, eta horretan jardun zuten zientzialariek. Haietako batek, Alexandriako liburuzaina izan zenak Eratostenesek, hain justu, K.a. III. mendean, Lurraren zirkunferentzia 39.500 kilometrokoa zela kalkulatu zuen. (Gaur egun Ekuatoreko zirkunferentzia 40.000 kilometrokoa dela kalkulatzen da).
Baina mapak egiterakoan, kontuan izan behar zen gainazal lau batean marraztutakoak izatez biribila den errealitatea islatu nahi zuela. Horretan ere, greziarrak izan ziren lehenak. K.a. II. mendean Hiparko astronomoak egin zituen lehen proiekzioak. Lurra ahalik eta gutxien desitxuratzea zen proiekzio horien helburua, nahiz eta deformazio minimoa saihestezina izan. Greziarren ondoren Erromatar Inperioak eutsi egin zion mapagintzari, baina helburu praktikoei loturik, hau da, armada, zerga biltzaile eta beste helburu batzuei lotutako erreminta moduan.
Goi Erdi Aroan agertu ziren geografia eta teologia uztartzen zituzten mapek baina haiek ez ziren itsasgizonentzat erreminta zehatzak. Horregatik, mapa erabilgarriagoak eta doiagoak egiten hasi ziren XII. mendean Asiatik ekarritako iparrorratzaz baliatuta: praktikoak ziren, nahiko zehatzak eta helburua nabigazioa erraztea besterik ez zuten.
Europako Aro Modernoan sartzean (XV.-XVI. mendeak) Europako itsas potentzien beharrek erabat aldatu zuen kartografiaren zientzia: europar espantsionismo eta esploratzaileei esker Lur planetaren ikuspegia guztiz aldatu zen. Errenazimentuan zientzia erlijioaren mendekotasunetik askatu zen, eta mapagileak munduari gaur duen itxura ematen hasi ziren. Mercatorrek, 1594an argitaratutako atlasean, kartografia modernoaren ezaugarri gehienak bildu zituen, eta XVI. mendearen amaieran, oraindik lurralde ezagutu gabeak zeuden arren, dagoeneko, munduak gaur egungoaren antzeko irudia zeukan.
Garai haietatik aurrera kartografia funtsezko jakintza estrategiko bihurtu zen. Hala, zientziaren garapenak, neurtzeko tresna gero eta modernoago eta zehatzagoek, Amerikako eta Ozeaniako lurraldeen ezagutzak eta abar gero eta mapagintza zehatzagoa bultzatu zuten.
Hona hemen mapagintzak mendeetan zehar izan duen garapenaren adibide txiki bat:
- Lurraren lehen mapak babiloniarrek egin zituzten K.a. 2300 urtean, buztinezko oholtxoetan. Mapa horiek gehienak distantziak neurtzeko neurriak ziren, zergak jasotzeko. Beheko mapa Londreskoo Bristish Museumean dago eta kontserbatu den maparik zaharrena da.
- Filosofo pitagorikoek Lurraren forma esferikoa aurkitu eta Eratostenesek (K.a. 275-195) neurtu zuen meridianoaren arkuari esker, Claudio Ptolomeok orduan ezagutzen zen munduko mapa egin ahal izan zuen. Ptolomeok, Europako, Asiako eta Afrikako gudarien, marinelen eta merkatarien eskarmentuan oinarrituta osatu zuen mapa. Bertan, gainera, baskoien egoera lehen aldiz ageri da.
- Castorius-ek IV. mendean eginiko Peutingeriar Tabula-k Erromatar inperioko probintziak, bideak, plaza militarrak agerian utzi zituen. Iberiar penintsula dago eta baita Vasconia probintzia ere.
- XI. mendeko Saint-Sever monasterioko mapamundian Wasconia ageri da, oinean irakur daitekeen bezala.
- Iberiar Penintsularen lehen irudikapenetako bat hau izan zen.
- Aurreneko mapagileen eta mapa-inprimatzaileen eskola nagusia XVI. mendearen erdialdera garatu zen Flandrian (egungo Belgikan eta Herbehereetan). Hantxe hasi ziren egiten mundu osoko atlasak. Lehenbizikoa Theatrum Orbis Terrarum izenekoa izan zen, Abraham Ortelius-ek 1570ean argitaratua.
- XIV, XV eta XVI. mendeetan kartografia zientziatzat hartua izan zen. Garai horretakoa da Vatikano Museoan dagoen Mapa kartografikoen galeria, non garaiko 40 mapa dauden margotuak.
Stefano Constantini;
CC BY - Toscanelliren munduko mapa XVI. mendeko aurkikuntzen aurretikoa da eta XV. mendearen bukaeran Lur planetaren gainean zegoen ezagutzaren isla da.
- Juan Sebastian Elkano getariar marinelak 1522an munduari bira eman zion lehen espedizioan parte hartu zuen, Elkano Concepción ontziko maisua edo kapitaina zela. Bidaia hari esker, mundua biribila zela frogatu ahal izan zen.
Antxon Urrestarazu
CC BY-NC-ND